Iragarki Taula

 

Programa hau eskualdeko langabetuei edo langabezian geratzeko arriskuan dagozan gazte guztieri zuzenduta dago.

Bizkaiko Foru Aldundiaren 'Gaztedi Busturialdea' proiektuaren barruan, "Lana bilatzea lana da" programa jarriko dogu martxan Busturialdeko herri txikien Gazteria Zerbitzuak (Urremendi LGE) eta  Bermeoko eta Gernikako Udaletako Gazteria, Busturialdeko gazte langabeei lana bilatzeko prozesuan laguntzeko asmoagaz.

"Lana bilatzea lana da" programak prestakuntza atal bat eta aholkularitzari buruzko beste bat izango dauz, urte osoan zehar landuko diranak, fase desbardinetan banatuta.

Programaren nondik norakoak azaltzeko helburuagaz, informazino saioak edo aurkezpenak prestatu dira, Bermeon eta Gernikan izango diranak, eskualdeko gazte langabetu guztiei zuzenduta. Lehenengoa otsailaren 24an izango da, Gernika-Lumoko Elai Alai Txiki aretoan. Bigarrena, barriz, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, otsailaren 27an. Aurkezpen biak arratsaldeko 7etan izango dira.

Prestakuntza atalean, besteak beste, hautaketa prozesuak (talde dinamikak, lan alkarrizketak, erakundeen prozesuak...), ekintzailetza, kooperatibagintza, lana bilatzea 2.0. edota igaz hasitako 'Good Job' programaren auto-ezagupenaren arloa landuko dira. Bertan, lana bilatzeko orduan persona bakotxaren ezaugarriak hobetzeko lagungarri izango diran izaera menperatzailea, bereganaturiko joerak eta hobetze bideak identifikatuko dabez parte-hartzaileek. Auto-ezagupen horretarako personalidadea ezagutarazoteko erabilten dan Enneagrama teknikaz baliatuko dira parte-hartzaileak. Holan, euren burua modu sakon batean ezagutzea lortuko dabe, auto kritikarako gaitasuna eskuratuz.

Banakako aholkularitzaren atalean, bestalde, Coaching-a landuko da lan bilaketa prozesura eta motibazinoa lantzera zuzenduta. Hain zuzen be, ekintza planak, CVa, lan-alkarrizketak, talde dinamikak, hautaketa prozesuak, gaitasunak eta trebetasunak eta abar landuko dira.

 
Informazio gehiago (JPG 56KB)