Iragarki Taula

Bidegorri berria ireki dute 

Txomin Bilbao Kortezubiko alkateak, José Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Irene Pardo Nekazaritzako foru-diputatuak, Iosu Madariaga Ingurumeneko foru-diputatuak eta Patxi Sierra Udal Harremanen foru-diputatuak, besteak beste, Basondo eta Oma auzo ezagunak batzen dituen bidegorri berria inauguratu dute larunbat honetan. Bide berriari esker, inguru horretako bide-segurtasuna bermatu egingo da. Bestalde, turistek ikuspegiez gozatzeko aukera izango dute Santimamiñeko kobetatik, baso margotutik eta Oma auzo landatarretik igarotzen den zirkuitu honetan pedalei eragiten dieten bitartean eta, aldi berean, bertako herritar eta nekazariek eguneroko lana eragozpenik gabe egingo dute.

Kortezubiko Udalak Oma eta Basondo auzoak elkartzen dituen bidegorria bukatu du. Bideak bi kilometro eta erdiko luzera eta bi metroko zabalera du eta errepidearekiko paralelo dago. Bidegorria jartzeko lanak hainbat fase izan ditu eta horien bidez bidea zabaldu eta moldatu egin da bidegorri izateko baldintzak bete ditzan. Horrez gain, zuhaitzak landatu dituzte jatorrizko paisaiaren estetika naturala zaintzeko. Hemendik aurrera txirrindulariek, ibilgailuek eta oinezkoek inolako arriskurik gabe erabili ahal izango dute bide berria.

Proiektua 500.000 euroko inbertsioarekin gauzatu da. Bidegorria egiteko, Kortezubiko Udalak hainbat sailetako finantzaketa jaso du: Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritzako, Udal Harremanen eta Ingurumeneko Sailena eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailarena (LEADER programa), Urremendi LGEtik kudeatutakoa.

Txomin Bilbao Kortezubiko alkatea oso pozik dago bidegorri berriarekin: “Basondo eta Omako herritarren bide-segurtasuna eta komunikazioa bermatzen ditu, baita honaino datozen bisitarienak ere. Bide hau hobetzea behar-beharrezkoa zen, herritarrek eta txangozaleek asko erabiltzen duten ibilbidea baita.”

Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, lana “Urdaibaiko komunikazioak hobetzeko eta kultura-azpiegiturak sustatzeko aprobetxatu behar dugun inbertsioetako bat da.”

Oma-Basondo, landa-mundua eta xarma turistikoa bateratzen dituen ibilbidea

Oma auzoa hamabost bat baserrik eta hainbat nekazaritza-ustiategik osatzen dute. Bertako ganadutegiek, negutegiek, ortuek eta bazkalekuek haraneko paisaia ederra mantendu dute. Orain arte, traktoreak, nekazaritzako makineria eta inguruko biztanleen ibilgailuak egunero igarotzen ziren Oma eta Basondo batzen zituen bide mehetik. Bidea hain estua izanik, urte osoan zehar ibilbidea oinez egiten duten herritar eta batez ere turisten bide-segurtasuna arriskuan jartzen zen. Gainera, bidea hondatuta zegoen eta zangetan arrakala nabarmenak ageri ziren. Ibilbidea hobetzeko proiektuaren esparruan bidea asfaltatzeko, Kortezubiko Udalak landa-bideak hobetzeko diru-laguntza jaso zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren eskutik.

Errepidearekiko paralelo dagoen bidegorria jartzeko, Kortezubiko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Sailaren eta Urremendik kudeatutako Eusko Jaurlaritzaren LEADER programaren laguntza izan du. Oraindik aurrera, bidegorriak turista eta txangozaleen segurtasuna bermatuko du. Ingurua bisitatzen dutenek atseginez ikusiko dute Urdaibai Biosfera Erreserban kokatutako ingurune turistiko eta basotsu hau.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak eremu honen balioa sustatzeko ahalegin handiak egin ditu (Santimamiñeko koben ingurunea, Omako baso margotua eta bertatik igarotzen den basabidea hobetzea), eta proiektu hau aipatutako gainerako proiektuen osagarria da.